TRAM’BUS-A BASUSARRIRA DATOR
Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasunen Sindikatua, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Baiona, Angelu eta Basusarriko hiriak elkarrekin lanean ari dira Tram’bus-a Basusarriraino hel dadin 2026an. Obrak 2024ko apirilaren 15ean hasiko dira. Antolaketa berri honen bidez, Euskal Elkargoko Mugikortasunen Sindikatuak Errobi ibarreko biztanleei banakako ibilgailuaz bestelakoa den emaitza oneko hautabide seguru bat eskaintzen die BABra joateko.
Gaur egun Tarnos hiria eta Baionako Marracq auzoa lotzen dituen T2 linea Teknohiriraino luzatua izanen da 2024ko irailean eta Basusarri-Makilaraino 2026an. Horrela, Maignon eta Sutar auzoetatik iraganen da. Etorkizuneko TXIK TXAK eskaintzak osatuko duen aitzinamendu honek (+%113 kostalde ondoko eremuan) Errobi ibarreko biztanleei BABra joateko bidea emanen die kutsatzen ez duen garraiobide batez, zirkulazio baldintzak eta airearen kalitatea hobetuz.
2019an abian jarria izan denetik, Tram’bus-ak 12 milioi bidaiari baino gehiago garraiatu ditu, eta T2 lineak berak 2,5 milioi bidaiari baino gehiago.
Zirkulazio errepide guziak mantenduak
Obra horiek 2024ko apirilean hasiko dira. Obra garai osoan, ibilgailuen zirkulazioa mantendua izanen da norabide bakoitzeko bi lerroetan, egun osoan zehar. Etxeetarako eta saltegietarako bideak ere irekiak egonen dira. Obra larrienak gau batzuen denboran eginak izanen dira.
Zenbait obra eginak izanen dira 2024ko apirilaren 15etik goiti:
- Edateko ur- eta saneamendu-sareen berritzea Maignon biribilgunearen heinean
- Tram’bus-ari eta autobusei bakarrik eskainitako bideak sortzea
- 50 lekuko aldiriko aparkaleku bat sortzea Teknohiriaren sartzean, 2024ko irailetik goiti erabilgarri izanen dena
- Tram’bus-geltoki berri bat sortzea Compagnet biribilgunean Sutar auzora joateko
- Oinezkoen pasabideen segurtasuna bermatzea
- Bizikleta-bide bat sortzea
Obra garai osoan bitartekari bat izanen da eta berripaperak zabalduak izanen dira maiz.
Basusarriraino heltzea
2025-2026an, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak antolaketa-lanak jarraituko ditu, Kanboko errepidean autobusei bakarrik eskainitako bide bat eginez, Makila biribilgunetik Baionarako norabidean.
Hiru gunetan banatuko diren 670 leku
Aldi berean, Mugikortasunen Sindikatuak bi aldiriko aparkaleku antolatuko ditu, orotara 230 leku sortzeko: 160 lekuko gune bat Makila biribilgunearen heinean (autoen herrixkaren aldean), Errobi ibarreko biztanleei ibilgailua uzteko eta Tram’bus-aren eraginkortasunaz gozatzeko bidea eskainiz, zirkulazio arazoak saihets ditzaten, eta 70 lekuko autokidetza-gune bat Makila biribilgunean (golfaren aldean). Azkenik, 440 lekuko aldiriko aparkaleku bat eraikia izanen da Maignon biribilgunean A63 autobidearen erabiltzaileentzat.